Bazkideen urteroko Batzarra egin berri du Munduko Landaguneak.
2014 Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea dinamizatzea, gizarte zibilaren arloan. Horixe izango da Munduko Landaguneak 2013an izango duen erronka nagusia, mundu mailako erakunde nahiz elkarteen parte hartzea bultzatzen saiatzeaz gain.
Urte honetarako ekintza plana aurkeztu zuen Munduko Landaguneko idazkaritzak maiatzaren 16ean, Arkautin (Araba) egindako bazkideen urteroko Batzarrean. Joan den urteko emaitzen kontua onartu eta aurtengo aurrekontua aurkeztu zuten, baita ere, Munduko Landaguneko arduradunek.
Kolonbiako Agrosolidaria elkartea Munduko Landaguneko bazkide izatera igaro zen ofizialki, Batzarraren oniritzia jaso ondoren, eta landa garapen jasangarria bultzatzen duen sare honetara ongietorria eskaini zitzaion. Talde honek ekoizle txikiak, elikagaien prestatzaileak, banatzaileak eta kontsumitzaileak batzen ditu ekonomia-zirkuitu baten inguruan. Beren lanaren oinarri nagusiak dira sozio-ekonomia solidarioa, agroekologia eta landagunea eta hiriaren arteko bidezko merkataritza.
Alicia Langreok eskainitako hitzaldi batekin amaitu zen bazkideen Biltzarra. Ahots garrantzitsua eta jakituna da Aliciarena Europako nekazaritzaren eta landa garapenaren arloan. Espainiako Nekazal Ekonomia Elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea izateaz gain, Sabora Estrategias Alimentarias aholkularitza taldeko bultzatzailea da. Landaguneari buruzko hamaika ikerketaren egilea da eta 2012an Frantziako Nekazaritza Merituaren Ordenako Urrezko Insignia jaso zuen.
“Nekazaritza eta behar adinako elikadura osasuntsua ondare publiko gisa hartu beharko genituzke. Gizartean zabaldu beharreko ideia da hori”, azpimarratu zuen Langreok hitzaldian zehar.