Zeberiok eta Ortizek VI. Biltzarrari buruzko xehetasunen berri eman eta familia-nekazaritzarako laguntza instituzionala eskatu zuten.
Zein da Bilbon, martxoan, antolatuko dugun Munduko VI. Biltzarraren helburu nagusia? Mundu osoan familia-nekazaritzan diharduten milioika lagunen bizimodua hobetzea.
Eta nola lor daiteke maila txikiko nekazaritzan ari direnen baldintzak hobetzea?
Lehenik eta behin, gero eta ikusgaiago jartzen bere ondorio ugariak direla-eta jendarte osoari eragiten dion errealitatea; bigarrenik, politika publikoen bitartez.
Hilaren 18an, astelehenean, Espainiako Senatuan egin genuen agerraldiak hori guztia izan zuen oinarri.
Izan ere, ez da ohikoa familia-nekazaritza eztabaida eta agenda politikoko protagonista izatea.
Munduko Landa Foroaren lehendakari José María Zeberiok eta idazkari Auxtin Ortizek Hamarkada hasi berriari eta VI. Biltzarrari buruzko xehetasunak azaldu zituzten batzordean. Halaber, agerraldia baliatu zuten erakundeen konpromisoa eta inplikazioa eskatzeko.
Estatuek, gobernuek eta erakundeek politikak prestatu eta aplikatu egin behar dituzte, munduan familia-nekazaritzan aritzen diren milioika pertsonen bizitza hobetzea horren mende baitago, neurri handi batean.