Sardinaren arrantza jasangarriak elikagaien segurtasunerako duen garrantzia aldarrikatu du CAOPAk FAOren aurrean, eta Afrika Mendebaldeko kalen erabilpena ordenatzeko eskatu du.
Herritarren elikadura ziurtatzeko garaian akuikulturak jokatzen duen papera indartzen ari da, FAOk berriki aurkeztutako ikerketa batek ezagutzera eman duenez. Horren berri eman dute azkenaldian, hain justu, arloko hainbat komunikabide eta erakundek. Afrikako arrantzale artisauak biltzen dituen CAOPA konfederazioko idazkari nagusiak, Gaoussou Gueye-k, gai hori izan du hizpide Erroman eskainitako hitzaldi batean. Akuikulturaren garapena espezie pelagiko txikien «hustiapen sostengaezinean» ez oinarritzeko eskatu du bertan.
«Askatasunean bizi diren arrainak harrapatzea, sektore hori bultzatzeko eta haztegietako espezieei jaten emateko helburuarekin, hori ez da irtenbidea; jada gehiegizko arrantza jasaten ari diren arrainak dira eta, gainera, elikagaien segurtasuna bermatzeko oinarrizko elementua dira», azaldu zuen Gueyek, uztailaren 12an egindako gogoeten artean.
Espezie pelagiko txikien garrantzia Afrika Mendebaldean izenburupean egindako mintzaldian, gutxien duten afrikarren elikaduran espezie pelagikoek duten garrantzia azpimarratu zuen CAOPAren idazkari nagusiak. Horrez gain, herrialde eta zonalde askotako barne merkataritzarako ere oinarrizko produktua da. Hori dela eta afrikar biztanleriaren elikagai segurtasunean eta ekosistemaren orekan arrain horiek jokatzen duten papera ikertu dezala eskatu zion FAOri.
Eskari honek are garrantzi handiagoa hartzen du, espezie pelagikoak «arriskuan» egon daitezkeela jakinda. Izan ere, Gueyek salatu zuenez, «gero eta gehiago» zonaldean arrantza egiten duten faktoria-itsasontziak. «Urrutitik ikus ditzakegu: batzuk 120 metro luze baino gehiago dituzte. Beren jarduerak gure sardinengan eragin gehigarria du», azaldu du arrantzaleen ordezkariak, eta egoera horrek ekosisteman «kalte latzak» eragiten dituela gaineratu du. Ontzi erraldoi horiek erabilitako metodo «indiskriminatuek» marrazo, dordoka eta beste itsasoko espezie askori eragiten die.
Horregatik guztiagatik, CAOPAK muga garbi batzuk jartzea eskatzen du espezie pelagikoen arloan, eta baliabide horiek arrantzatzeko baldintza irmoak eta transparenteak proposatzen ditu. «Giza elikadura zuzenerako arrantza » egiten dutenek behar lukete eduki lehentasuna, eta «ez ganaduari jaten emateko nahiz akuikulturarako arrain-hirina» egin nahi dutenek. Estatuen eta eskualdeko arrantza erakundeen aurrean bitarteko izan dadila eskatu diote arrantzale artisauek FAOri, ekosistemaren orekan eta elikagaien segurtasunerako bidean espezie pelagiko txikiek jokatzen duten papera kontuan har dezaten.
Audio Gaussou Gueye (Caopa)
Audio Irani Maia (Ropa)