Hedabideak, egunotan, VI. Biltzarraren xehetasunen eta Familia Nekazaritzaren berri ematen ari dira
Munduko VI. Biltzarraren ondorio positibo bat da, bilera izan aurretikoa, hedabideak arreta jartzen ari zaizkiola Familia Nekazaritzari.
Euskadiko egunkari eta irratiek dagoeneko jakinarazi dituzte martxoaren 25ean Bilbon hasiko den Biltzarraren datak, tokia, edukia, helburuak eta parte-hartzaileak.
Baina ez hori bakarrik. Lurraldeko hedapen handieneko kazetak, El Correok, José María Zeberio Munduko Landa Foroaren presidenteari egindako elkarrizketa bat argitaratu zuen, otsailaren 19an, Espainiako Senatuan egin zuen agerraldiaren harira.
Zeberiok nekazaritzan jarduteko beharrezko “bokazioaz” hitz egin zuen, eta adierazi zuen zein garrantzitsua den landa-eremuetan gutxieneko baldintzak bermatzeko “politika publikoak” izatea.
Halaber, azaldu zuen Familia Nekazaritzaren bereizgarria dela, artisau-eran jarduten duten abeltzainak eta arrantzaleak barne hartuta, familia batek edo, kooperatiban bat eginda, hainbatek hartzen duela bere gain ustiategiaren gaineko “erantzukizuna”.
Horrez gain, azaldu zuen familia-ustiategi txikien oinarrizko xedea dela, laborantza-finkak eta azienda hobetzeaz gain, “beren ekoizpen-jarduera gero eta hobea izatea, eta denboran iraunkorra ere bai”.
Zeberiok,azkenik, Familia Nekazaritzaren esparruko hainbat erronka eta arazo aipatu zituen: gazte gutxi dago horretan jarduteko gogoz; emakumeen eta gizonen artean ez dago berdintasunik; azpiegiturei eta zerbitzuei dagokienez, landa-eremuetako egoera kaskarra da; eta elikagaien prezioak merkeak baino merkeagoak dira, elikadura-gastuak gutxienekora murriztu dituen egungo kultura honetan.