Abidjan-eko Adierazpenak, 2012ko Arrantzaren Nazioarteko Egunean, arraina eraldatzen eta saltzen emakumeek egiten duten lana aitortu du eta Afrikako gobernuei dei egiten die erabaki-guneetan haien parte-hartzea bermatzeko.
ABIDJAN (Boli Kosta). “Emakumerik gabe ez legoke artisau-arrantzarik”. CAOPA Afrikako Artisau-Arrantza Elkarteetako Konfederazioko idazkari nagusiak, Gaussou Gueyek, hitz horiek erabili zituen berriki Abidjan-en (Boli Kosta) egindako ekitaldi batean. Emakumeek arraina eraldatzen eta saltzen egiten duten lanari eskainitako aitorpena islatzen dute adierazpen horiek. Errekonozimendua izan baitzen berriki Boli Kostan egindako Artisau-arrantzaren ekarpena elikagaien segurtasunari: emakumeen papera konferentziaren oinarri nagusietako bat.
Hamabost herrialdetako 60 emakumek hartu zuten parte Caopak eta Fenacopecik -Boli Kostako arrantza kooperatiben federazioa- antolatutako topaketan, 2012ko azaroaren 18 eta 22 artean. Bertan egindako tailerretan emakume horiek eguneroko lanean aurkitzen dituzten eragozpenak izan zituzten mintzagai eta hobekuntzak lortzeko proposamenak egin zituzten. Arrainaren eraldatzea eta salmenta ia-ia emakumeek soilik egiten duten lana da Afrikan. Beste zenbait nazioarteko elkarterekin batera, Munduko Landaguneak ere bilera honetan hartu zuen parte.
Emakumeek sektorean daukaten protagonismoa ikusita ere, beren papera ez da behar bezain errespetatua eta hainbat eta hainbat arazo izaten dituzte beren eguneroko eginbeharretan. Salerosketak egiten dituzten inguruetatik kanporatuak askotan, kalitate handiena duten produktuak eskuratzeko eragozpenak izan ohi dituzte, eta familia elikatzeko ardura gehigarria ere haien gain izaten dute… beren eskubideen aldeko borroka eguneroko bizimoduaren parte da.
FAOk Boli Kostan duen ordezkariak, Marie-Noëlle Koyarak, “emakumeak merkatu errentagarrienetatik kanpo” geratu ohi direla aipatu zuen topaketan zehar egindako hitzaldian. “Arrain fabriketan ondoen ordaindutako postuetatik at izaten dira, baita ere”, gaineratu zuen. “Emakumeek gehiago jasaten dute zerbitzuen kalitate txarra eta arrainaren prezioen jaitsiera”, azaleratu zuen.
Babes falta horri aurre egiteko, Grand Bassam-eko konferentzian parte hartu zuten emakumeek Abidjan-eko Adierazpena sinatu zuten, Arrantzaren Munduko Egunean bertan. Boli Kostako hiriburuko Kulturgune nagusian egindako ekitaldi jendetsu batean, Fenacopeciko lehendakariorde eta Caopako emakumeen bozeramaile Micheline Dionek zera eskatu zien gobernuei: “emakumeak erabaki hartzeko guneetan kontuan har ditzatela” eta haien transformazio eta salmenta aktibitateak finantzatzeko modua “berdintasunean” oinarritu dadila. Gainera, beren lana egiteko azpiegitura egokiak eta estatuen artean arrainaren zirkulazio askea eskatu zituzten, baita ere.