Asteon, Arabako agintari nagusiarekin eta Bilboko alkatearekin bilduko gara
Martxoaren 25ari begirako urratsak egiten jarraitzen dugu. Egun horretan, Familia Nekazaritzari buruzko Munduko VI. Biltzarra hasiko da, Bilbon, non mundu osoko nekazaritza-erakundeen, kooperatiben, gobernuen, ikerketa-zentroen eta bestelako erakundeen 250 ordezkari inguru bilduko diren.
Ekitaldi garrantzitsua da Familia Nekazaritzaren etorkizunerako, NBEk izendaturiko Hamarkadako Agenda Ofiziala eratzen lagunduko duena.
Bilbo Hamarkada ofizialki abitu aurreko pausoa izango da. Erroman emango zaio hasiera, FAOk eta FIDAk babestuta, eta, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren ebazpenaren arabera, Familia Nekazaritzari eskainiko zaion 2019-2028 epealdirako Ekintza Planaren edukiak zehaztuko dira bertan.
Honetan guztian parte hartzen ari garenok badakigu zer-nolako garrantzia duen Bilboko biltzarrak mundu osoan Familia Nekazaritzan diharduten pertsona guztien bizimodua hobetzeko.
Baina jendarteak ere jakitea inportantea da. Horrexegatik ari gara egunotan ahalegin handiagoa egiten gure mezua hedabideetara helarazteko.
Oinarrizkoa iruditzen zaigu jabetzea Familia Nekazaritzak mundu-mailako ondorioak dituela, guztioi eragiten diguten kontuetan: elikadura, migrazioak, lurraldearen kudeaketa, klima-aldaketa eta garapen iraunkorra.
Hedabideen papera garrantzitsua da, erakundeena bezainbeste. Hori dela eta, Munduko Landa Foroaren izenean, Espainiako Senatuan izan ginen duela gutxi. Asteon, berriz, Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzálezekin eta Bilboko alkate Juan María Aburtorekin bildu gara.
Funtsezkoa da botere publikoek gure ahotik ezagutzea VI. Biltzarraren eta Hamarkadaren xehetasunak; jakin dezatela gosea erauztea NBEren Agenda 2030eko Garapen Iraunkorrerako Helburuen arteko bigarrena dela; har dezatela konpromisoa lehen mailako aktibo sozial eta estrategiko hau, Familia Nekazaritza, zaintzeko.