VI. Biltzarrean, Familia Nekazaritzarako Hamarkadarako neurriak zehaztu nahi ditugu, elkarrizketa ireki eta inklusiboa izanez
Egunero erein behar da. Egunero jarri behar da adreilu bat eraikitzeko. Egunero ongarritu behar da lurra fruitua jasotzeko. Egunero atera behar da bazkatzera azienda elikatzeko; edo egunero zabaldu behar dira sareak arrantza egiteko.
Halere, ez dago sobera atzera begiratzea eta lortu dugunaz harro izatea. Esan baligute, 2008an, Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea (FNNU, 2014) ospatuko genuela, Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Agenda 2030eko GIHen artean izango ginela eta Hamarkada bat ospatuko genuela, ez genuen sinetsiko.
Hala ere, hemen gaude, Familia Nekazaritzarako Hamarkada (2019-2028) estreinatu berri eta MLFren Munduko VI. Biltzarra egiteko zorian, Bilbon, martxoko azken astean.
Erakunde ugariren 200 ordezkari inguru bilduko gara, milioika laguni ahotsa emateko. Munduko Landa Foroa sare plurala da. Era berean, VI. Biltzarra topaketa ireki eta inklusiboa izango da. Gure artean izango ditugu, bost kontinenteetatik etorrita, gobernuetako eragile esanguratsuak, nazioarteko erakundeak -FAO eta IFAD, kasu-, nekazarien elkarteak, kooperatibak, sindikatuak, Familia Nekazaritzako Batzorde Nazionalak, GKEak eta ikerketa-zentroak.
Denek parte hartzea nahi dugu. Ekarpen gehiago jaso nahi ditugu Hamarkadako Ekintza Planean txertatzeko, zeina maiatzean abiatuko den ofizialki, Erroman. Horrez gain, hauxe lortu nahi dugu: “Elkarrizketa, aliantza gehiago eta erakunde gehiagoren parte-hartzea ahalbidetu Hamarkadan (…), Hamarkadako Agenda ezar dadin sustatzeko”. Halaxe dago jasota VI. Biltzarrerako ezarritako bigarren helburuan.