Alicia Langreok, Europako landa eremuetako gaietan adituak, hitzaldia eskaini du berriki Munduko Landagunearen urteroko Batzarrean.
Alicia Langreok, Europako landa eremuko gaietan adituak, hitzaldia eskaini zuen maiatzaren 16an Arkautin (Araba) egindako Munduko Landaguneko urteroko Batzarrean. Familia Nekazaritza aztertzeko garaian, ekoizpenen dibertsitatea kontuan hartzeko beharra azpimarratu zuen. Izan ere, jakinarazi zuenez, aniztasun hori areagotu egin da azken hamarkadetan, Europako gizarteak bizi dituen aldaketa sozial, ekonomiko eta familiartekoak direla medio.
“Ekoizpen txikiek jada ez dituzte XX. mendeko Familia Nekazaritzaren ezaugarri berak eta horregatik dibertsitate eta zabaltasun handiagoz gerturatu behar gara kontzeptu honetara”, laburbildu zuen Langreok. Familia Nekazaritza gaur egungo elikagai sisteman izeneko hitzaldian, eredu honek Europan bizi dituen erronkak azpimarratu zituen.
Testuinguru aldakor honetan familiarteko ekoizpenak bultzatu ahal izateko elementu zenbait plazaratu zituen elikagai estrategietan adituak. Errealitate berriei aurre egiteko moduko kudeaketa ereduak, ekoizpen bati lotutako senideen arteko oreka berriak, Ikerketa + Garapenerako prestakuntza estrategiak eta kooperatiben papera eguneratzea aipatu zituen, besteak beste.
“Nekazaritza eta behar adinako elikadura osasuntsua ondare publiko gisa hartu beharko genituzke. Gizartean zabaldu beharreko ideia da hori”, azpimarratu zuen Langreok hitzaldian zehar.
Espainiako nekazal sindikalgintzaren aitzindari, ahots garrantzitsua eta jakituna da Aliciarena Europako nekazaritzaren eta landa garapenaren arloan. Espainiako Nekazal Ekonomia Elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea izateaz gain, Sabora Estrategias Alimentarias aholkularitza taldeko bultzatzailea da. Landaguneari buruzko hamaika ikerketaren egilea da.