Oda bat planeta guztian zehar sakabanatutako 2.000 milioi familia-nekazarien alde, esan nahi baita mundu guztiko baserritar, artisau-arrantzale, artzain, indigena eta lurrik gabeko laborarien ohoretan.
2014 Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea (FNNU-2014) joan den azaroaren 22an inauguratu zuten New Yorken, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) egoitza nagusian. Gosea eta Pobreziaren aurkako borrokan Familia Nekazaritzak jokatzen duen garrantzia azaleratu zuen irekiera ekitaldi ofizialak eta oda bat bilakatu zen planeta guztian zehar sakabanatutako 2.000 milioi familia-nekazarien alde, esan nahi baita mundu guztiko baserritar, artisau-arrantzale, artzain, indigena eta lurrik gabeko laborarien ohoretan.
Ospakizunaren buruzagitza FAOko zuzendari nagusiak, Graziano da Silvak, partekatu zuen NBEko idazkari nagusiaren nahiz Batzar Orokorraren ordezkariekin; baita Munduko Landaguneko ordezkaritza batekin ere. FNNUaren kanpaina babesten duten 60 herrialdetako 360 elkarteen izenean, ekitaldiko buru izan ziren Munduko Landaguneko idazkari betearazlea, Joxe Mari Zeberio, eta FNNU-2014rako gizarte zibilaren koordinatzailea, Jose Antonio Osaba.
Irekiera ekitaldian ezagutzera eman zituzten, era berean, FNNU-2014eko enbaxadoreak: Ibrahim Coulibaly, Maliko laborarien ordezkaria; Mirna Cunningham (Nicaragua), NBEk indigenen gaietarako foroaren lehendakari ohia, eta Gerd Sonnleitner (Alemania), Europako Nekazarien Elkarteko lehendakari ohia. Guztiek Familia Nekazaritzaren aldeko hitz sutsuak egin zituzten.
New Yorkeko ekitaldiak bezainbesteko balioa izan zuten FNNU-2014rako 20 herrialdetan sortutako Komite Nazionalek. Aste osoan zehar, milaka nekazari eta herritarrek parte hartu zuten aldibereko hainbat eta hainbat ekitalditan. Parlamentuetan eskainitako hitzaldiak, prentsaurrekoak, lansaioak eta martxak, denak helburu berarekin: landaguneko gizon-emakumeen papera errekonozitzea.