Hizkuntza portugeseko herrialdeen komunitateak familia nekazaritzaren babeserako irizpideak onartu ditu!

Mercosur-eko Familia Nekazaritzaren Bilkura Espezializatua (Reunión Especializada para la Agricultura Familiar, REAF, gaztelaniaz) ere lanean ari da Familia Nekazaritzaren Eskualdekako Irizpideak sortzen, horretarako konpromiso politikoa berretsi ostean.

2017ko ekainaren 29a.– Hizkuntza Portugeseko Herrialdeen Komunitatea (Comunidad de Países de Lengua Portuguesa, CPLP, gaztelaniaz) osatzen duten 9 estatuek Familia Nekazaritzaren Babeserako Irizpideak onartu zituzten ekainaren 8an Brasilian (Brasil) eginiko Elikadura Segurtasunerako Kontseiluaren aparteko II. Bileran. Halaber, irizpide horiek berehala inplementatzeari lehentasun politikoa emateko erabakia ere berretsi zuten bilkura hartan. CPLPren estatu-kideek gosea eta pobrezia gainditzea ahalbidetuko duen Familia Nekazaritzaren garapenerako lehentasunak lerrokatu dituzte hala.

Galdeketa publikoen bidez eraikitako Irizpide horiek Familia Nekazaritzaren balioa areagotzen dute, sektoreari testuinguru jakin bakoitzera egokitutako babes-tresnak eskainiz. Garrantzia handiko erabaki politikoa da CPLPren estatu-kideek irizpide berdinak izatea arlo honetan, Familia Nekazaritzaren baitan esanguratsuak diren lurrerako, uretarako edota hazietarako sarbidearen, nekazari emakumeen egoeraren hobekuntzaren edota gazteriaren sektoreko aukeren baitako politika publikoen sorrera eta hobekuntza sustatzen baititu.

Gizarte zibilak CONSAN-CPLP (MSC-CONSAN) ekimenean duen Parte-hartzea Errazteko Mekanismorako Kontseiluko ordezkariek CONSAN-CPLP (MSC-CONSAN)-en II. Aparteko Bileran hartu zuten parte. Angola, Brasil, Cabo Verde, Ginea Bissau, Mozambike, Portugal, Sao Tome y Principe eta Ekialdeko Timorreko ordezkariak ziren horiek, eta CPLPren estatu-kideetan Familia Nekazaritza babestu eta sustatzeko Eskualdeko Irizpideen onarpena babestu zuten bilera hartan.

Horrez gain, estatu-kideek nazioartean eragiten jarraitzeko hautua berretsi zuten bilkura hartan, Nazio Batuen Asanblada Orokorrak Familia Nekazaritzaren Hamarkadaren adierazpena egin dezan. Munduko Landagunearekin zein beste eskualde eta eremu batzuekin batera ekin eta eragiteko asmoa gailendu zen horretarako.

 

FAMILIA NEKAZARITZAREN BILKURA ESPEZIALIZATUAK FAMILIA NEKAZARITZAREN BABESERAKO IRIZPIDEEKIKO KONPROMISOA BERRETSI DU

Mercosur-eko Familia Nekazaritzaren Bilkura Espezializatuak (Reunión Especializada para la Agricultura Familiar, REAF, gaztelaniaz) urrats garrantzitsua eman zuen Familia Nekazaritzaren babeserako Eskualdeko Irizpideak onartze bidean, ekainaren 19 eta 23 artean Olmué-n (Txile) egindako ekimenetan estatu-kideek berretsitako konpromiso politikoaren bidez.

Mercosur-eko 6 herrialdek (Argentinak, Txilek, Brasilek, Ekuadorrek, Uruguayk eta Paraguayk) Olmuéko Gutuna sinatu zuten bertan, “Familia Nekazaritza Indigena garatzeko Politika Publiko Zehatzen Irizpide sorta definitzen jarraitzeko borondatea irmoki adieraziz, eta herrialde bakoitzaren araberako erronkei aurre egitea ahalbidetu zein orain arte egindakoan sakontzeko jarraitu asmoz”.

Halaber, gobernuen eta Familia Nekazaritzako gizarte erakundeen arteko ekimen bateratua babestu zuten, horrek prozesu demokratikoa indar dezan.

Familia Nekazaritzarako politika publikoen alorrean egun indarrean dauden eskualdeko zein nazio mailako ekimenak osatu eta babestuko dituzte aipatutako Irizpide horiek, baita politika publikoen garapena sustatu eta etorkizunerako egonkortasuna eskaini ere.

 

Informazio gehiago: