Beren jardueren bitartez interes orokorra lortzen laguntzen duten elkarteek jasotzen dute Eusko Jaurlaritzaren izendapen hori.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak berriki argitara emandako dekretu baten bitartez, Munduko Landagunea «herri onurako» erakundetzat aitortu dute. «Beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen» laguntzen duten elkarteek jaso ohi dute aintzatespen hori, eguneroko lanean «eskuzabaltasun, altruismo, elkartasun eta aniztasun balioak nabarmen gauzatzen» badituzte, beti ere.
«Eratu zenetik hara, bere helburu nagusia erdiesteko beharrezko diren jarduera guztiak egiten ditu Foro Rural Mundial-Munduko Landagunea Garapenerako Elkarteak. Eta helburu hori hauxe da: pertsonengan oinarritutako garapena lortzea (giza garapena), nekazaritzako familia-ustiategien defentsa aldarrikatuz eta aldeztuz, betiere landa-garapen zuzen, integral eta jasangarria xede hartuta. Era berean, landa-ingurunean dauden arazoak zabaldu nahi ditu, bai eta nekazaritzak munduan izan duen bilakaeran sortutako arazoak ere, eta, horrekin batera, irtenbide posibleak mahai gainean jarri, eta baterako ekintza-planak landu eta abian jarri.