NBEak Ahoku-emaile Estatusa aitortu dio Munduko Landaguneari. Eztabaidagaiak proposatu eta nekazaritza eta landa garapenaren inguruko iritzia eman ahalko du foroak Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordean (ECOSOC).
Special Consultative Status. Hori da Munduko Landaguneak berriki Nazio Batuen Erakundetik (NBE) jaso duen izendapena. Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordeak (ECOSOC) eskainitako aitorpen honen bitartez, Familia Nekazaritzaren aldeko mezua zabaldu ahalko du nazioarteko erabaki-guneetan.
ECOSOCek joan den uztailean egindako bileran hartu zuen erabakia, eta ebazpen honi esker Munduko Landagunea are eta gertuago egongo da erakunde horretatik, nahiz NBEren menpeko beste hainbat organotatik. Aholku-emaile Estatusa dela medio, besteak beste, zenbait ekintza eta batzarretan pare hartu ahalko dute MLko ordezkariek. ECOSOCen eta NBEko erabaki-guneen bileretan izan ahalko dira, baita ere.
Bestalde, bere lan-ildoekin zerikusia duten gaiei buruzko idatziak helarazi ahalko ditu Munduko Landaguneak, ECOSOCen eztabaidarako gai berriak proposatzeaz gain. Erakunde horretako kontseiluak agintzen badio, gainera, afera baten inguruko aurkezpenak edo ikerketak egin beharko ditu.
Azken aitorpen honez gain, Munduko Landaguneak Liaison Status delako errekonozimendua jaso zuen 2011ren hasieran FAOren eskutik ¬–gizarte zibilaren eta nazioarteko erakunde horren arteko lotura bihurtu da orduz geroztik–. Landa inguruaren eta nekazaritza jasangarriaren alde hainbat urtetan zehar Munduko Landaguneak egindako lanari babesa eta aitorpena eskaintzen diote izendapen hauek guztiek.