Elikaduraren Munduko Eguna da gaur, urriak 16, eta nekazari kooperatibek elikagai sisteman jokatzen duten papera azpimarratzeko balioko du aurtengo edizio honek. Eredu arrakastatsua baita kooperatibena. Elikagaien segurtasunerako berebiziko garrantzia izateaz gain, laborarien bizimoduari mesede egiten diote eta landaguneen oreka mantentzeko bidean ekarpen handia egiten dute.
Elikaduraren Munduko Eguna da gaur, urriak 16, eta nekazari kooperatibek elikagai sisteman jokatzen duten papera azpimarratzeko balioko du aurtengo edizio honek. Eredu arrakastatsua baita kooperatibena. Elikagaien segurtasunerako berebiziko garrantzia izateaz gain, laborarien bizimoduari mesede egiten diote eta landaguneen oreka mantentzeko bidean ekarpen handia egiten dute.
Nazio Batuen Erakundeak urriaren 9an argitaratu zituen gosearen inguruko azken zenbaki ofizialak: ia 870 milioi gizon-emakume gaizki elikatuta daude. Elikadura krisi etengabeko baten aurrean gaude, aurreko urteekin alderatuz egoerak hobera egin badu ere.
Errealitate honen aurrean, Munduko Landaguneak zenbait gogoeta plazaratu ditu zenbait komunikabidetan argitaratutako iritzi artikuluan. Arduradun politikoei nahiz nazioarteko erakundeetako ordezkariei dei egiten diegu, hitz ederretatik haratago, familia nekazariak babestuko dituzten neurriak har ditzaten.
Egindako bidea luzea da eta ez da adibide arrakastatsurik falta lehentasun politikoen eraldaketan. Lana eta ereduak badaude, nekazaritza jasangarria bultzatu eta, bide batez, gosearen aurkako jarduera eraginkorra dakartenak. “Nekazari kooperatibena da adibide garbia. Iparraldeko nahiz Hegoaldeko herrialdeetan, proiektu eraginkorren sorrera eragin du eredu horrek. Ekoizle txikiek, tamaina apropos bat lortzeaz gain, produzitzeko gaitasuna eta negoziatzeko indarra irabazten dute gisa horretan. Hori, baita ere, landagunearen ekonomia osasungarri baten mesedetan izaten da”, azpimarratu du Jose Mari Zeberiok, Munduko Landaguneko idazkari exekutiboak.
Kooperatiben Nazioarteko Urtean gaude eta, hain justu, nekazari kooperatibak dira aurtengo Elikaduraren Munduko Eguneko gai nagusia. “Kooperatiben eredu arrakastatsuak garbi erakusten du badagoela sektorea bideratzeko bestelako modurik”, osatu du Zeberiok.
Alternatiba horien existentzia plazaratuko duen hitzordu berri bat, bi urte barru, 2014ko Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea izango da. Badira alternatibak mundu guztiarentzako jakiak eta elikadura osasungarria ziurtatzeko. Planetarekin errespetuz jokatzen duten aukerak dira, gainera. Bide konpartituak, gosearen amildegitik aldentzeko balio dutenak.