Lekuko elkarteek garapen-prozesuetan duten parte-hartzea indartzen jarraitzeko beharra berretsi dute Madrilen egindako másLEADER jardunaldietan.
MasLEADER nazioarteko jardunaldiak egin berri dituzte Madrilen, urriaren 23 eta 24 artean, Landa eremuetako iraunkortasunerako esperientziak eta proposamenak izenburupean. Tokian tokiko ekintza taldeen lana (Local Action Group, ingelesez) eta haien metodologia hobesteaz gain, ildo horretan sakondu beharra berretsi zuten parte-hartzaileek. Helburu horrek garrantzia berezia izango du datozen hilabeetan, LEADER programazioaren epe berri (2014-2020) bat irekitzear baitago.
LEADER finantzaketa markoaren bitartez, Europar Batasuneko herrialdeetan landa-garapenerako fondoak bideratzen dituzte, beti ere tokian tokiko herritarren parte-hartzean oinarritutako proiektuetarako.
Jardunaldiaren amaierako saioan, Espainiako Landa Garapenerako Sareko (REDR, gaztelaniazko sigletan) lehendakariak, Aurelio Garcia Bermudezek, azken 20 urteotan tokian tokiko ekintza taldeek egindako lana goraipatu zuen. “Ahalegin horri esker, enplegua sortu da, kultur ondarea sustatu da, herritarren parte-hartze bultzatu da, jasangarritasuna…”, gogora ekarri zuen.
Jardunaldien lehen egunean, Europako Batzordeko Jose Manuel Sousak, Nekazaritza Zuzendaritzako ordezkariak, hitzaldia eskaini zuen. Adierazi zuenez, Europan 2.300 LAG existitzen dira. “LEADER programen benetako balioa –horregatik da hain berezia– tokiko talde guztiak, publiko eta pribatu, aintzat hartzea da. Ekarpen horiek guztiak kontuan hartzen direnez, ezagutza eta proposamen horiek benetako lurralde garapena bultzatzeko balio dute”, azaldu zuen.
Munduko Landaguneak ere jardunaldi horietan hartu du parte, eta erakundeko idazkari exekutiboak, Jose Mari Zeberiok, mahai-inguru batean azaldu zituen bere gogoetak. Zeberioren ustez, Familia Nekazaritzak berebiziko garrantzia du landa garapena bermatu nahi bada eta norabide horretan 2014 Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urteak eskainiko duen aukera azpimarratu zuen.