Zuzendariaren gutuna: 2016aren laburpena

Familia nekazaritzaren baitako testuinguru politikoa sakonki aldatu da 2016an zehar.Kanadan eta Australian gobernu aldaketa egon zen 2016a hastear zela, eta horrek Familia Nekazaritzaren aldeko emaitzak lortzeko aukera fase berri bat ireki zuen. Izan ere, gai horren baitako jarrera hertsi eta gogorra izan ohi zuten gobernu horiek ordura arte.

Hala ere, gako diren Brasil eta AEB bezalako herrialdeetan okertu egin da aipatu testuinguru politikoa. Brasilek Familia Nekazaritzarako politika publiko esanguratsuak garatu ditu aurreko hamarkadan, eta horrek eragin positiboa izan du Latinoamerika zein Karibeko beste hainbat herrialdetan. Are gehiago, Latinoamerikako mugak gainditu eta Familia Nekazaritzaren sustapenerako proiektu ugariren eragile izan zen Brasil (FAOren bidez garatu ziren horietako asko).

AEBtan gertatutako aldaketa politikoen eragina aztertzea zaila da oraindik, baina agintari berriak Nazio Batuen sistemarekiko atxikimendu txikia adierazi du dagoeneko, eta hori da Munduko Landaguneak (WRF, ingelesez) bere lanaren zati handi bat garatzen duen espazioa.

Laburbilduz, aurreko urteekin alderatuta, testuinguru politiko ezberdin (eta ziurrenik kaltegarriago) baten aurrean gaudela onartu behar dugu. Bi ondorio ditu horrek, gutxienez: lehena, lan egiteko modua egokitu behar dugula aldaketak jasan dituzten herrialdeetan; eta bigarrena, Munduko Landagune gisa egiten dugun lana lehen baino beharrezkoagoa dela.

Edonola ere, eta gune zehatzago batera joz, 2016an zehar poza eragin diguten bizipenak ere izan ditugu. Esanguratsuena, SICA (Amerika Erdialdeko Integrazio Sistema) osatzen duten herrialdeetarako Familia Nekazaritzaren inguruko Eskualdeko Elkarrizketa Tresna baten sorrera. SICA osatzen duten estatu horietako (Belize, Costa Rica, Honduras, Dominikar Errepublika, Panama, Nikaragua, Guatemala eta El Salvador) Nekazaritzaren eta Gizarte Zibilaren Ministerioek osatzen dute tresna hori, eta Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea (AIAF, gaztelaniaz) modu esplizituan aipatzen da bere sorrera dokumentuan. Hala, Familia Nekazaritzaren alde egin eta horren inguruko elkarrizketarako tresna nazionalak izateko aukera eskaintzen zaie Familia Nekazaritzaren Komite Nazionalei (FNKN aurrerantzean).

Aipagarri den beste lorpen bat da Kongoko Errepublika Demokratikoaren FNKNa, legegintzaldi berrirako Nekazalgoaren Hautes-Karta eta Konpromiso Gutuna sortu eta onartu dituena. Agintari publikoei eta herrialdeko gidari politiko nagusienei zuzendutako tresnak dira horiek, Familia Nekazaritza babestera bideratutakoak.

Kenyako FNKNak “policy networking forum”-ean hartu zuen parte. Kenya Food Alliance eta Growth Partners Africa elkarteek antolatu zuten foro hura, biodibertsitatearen eta hazien inguruan familia nekazarien eskubideek izandako aurrerapen politikoak lantzeko. Elkarrizketarako espazio honi esker garatu zen ‘Seeds Management Act (Amendment Act) 2016’ Legea, hazien hornikuntza tokiko kudeaketaren bidez egitea babesten duena, besteak beste.

Costa Ricak, berriz, Familia Nekazaritzarako Irizpide Nazionalak adostea lortu zuen FNKNan, eta Elikadurarako zein Elikadura Segurtasunerako Giza Eskubideen Esparru-Legearen Proiektua idazteko erabili dira irizpide horiek. Familia Nekazaritzaren Bilkura Espezializatuaren (REAF, gaztelaniaz) markoan Familia Nekazaritzaren baitako eskualdeko irizpideak garatzeko prozesuaren hasiera ere aipatu behar da hemen. Horrez gain, Latinoamerikako Parlamentuak (Parlatino-ak) ere Familia Nekazaritzaren esparrurako lege bat onartu zuen, aipatu irizpideen ideiari jarraiki. Halaber, G-20ak irailean Hangzhou hirian (Txinan) egindako bilkuran Familia Nekazaritzaren baitako erreferentzia positiboak egin ziren, orduko gobernu brasildarraren eskariz. Testuaren jatorrizko zirriborroak Familia Nekazaritzarako Irizpideen ideia bera jaso zuen.

2015eko urrian hasitako ekintza ezberdinei esker, Lurrerako Sarbidearen Lege Proiektuaren (Loi Foncière Agricole, LFA) azken bertsioaren onarpena oztopatu zuten Herri Elkarteen Konfederazio Nazionalak (CNOP, gaztelaniaz) eta FNFNko beste kide batzuek Malin, bertako gobernuak prozesua azkartu nahi bazuen ere. Sektoreko ekintzaile gehienek baliogabetu zuten aipatu bertsioa, ez baitzituen Familia Nekazaritzaren beharrak islatzen.

Ugandari dagokionez, estatuko nekazaritzarako aholkularitza-zerbitzu sistema hobetzeko gobernuz gaindiko lan-taldean egon ziren FNKNko kide batzuk (FRA, PELUM, ESAFF, SWAGEN, etab.), Nekazaritza Ministerioko ordezkariekin batera. Prozesu horren ondorioz zera lortu zuten, nekazaritzarako langileen hedadurarako aurrekontuak 22.000 milioi UGX-era (5.723.377,27€) handitzea.

Kolonbiako FNKNak Konstituzioa aldatzeko prozesu itxaropentsua abiarazi zuen Nekazaritzaren Aldeko Erreferendum baten bidez, eta Komiteak AIAF+10 markoan egindako lanean oinarritutako Familia Nekazaritzaren Lege proiektu bat proposatu zuen gainera.

Horiez gain, eta Munduko Landagunearen barne antolakuntzaren baitako garapenari dagokionez, 2016an Familia Nekazaritza era esanguratsuan sustatu dugu Lurraren Nazioarteko Koalizioan (ILC, ingelesez).

Urte amaierako opari gisa, gainera, Munduko Landagunea Nekazal Ikerketarako Foro Globalaren (GFAR, ingelesez) Zuzendaritza Kontseiluaren parte izateko aukeratua izan dela jakin dugu; nazioartean erreferente den espazioaren parte, hain zuzen ere. Marko berri honek Familia Nekazaritzara bideratutako Nekazal Ikerketak sustatzeko aukera eskainiko digu, baita ikerketa zentroen zein familia nekazaritzaren baitako elkarteen arteko loturak hobetzekoa ere.

2016an zehar gure lanak eragindako elementuen artean bada beste esanguratsu bat ere, hots, Familia Nekazaritzaren Hamarkadaren Adierazpenaren aldeko kanpainaren hasiera.Costa Ricako gobernua izango da proposamena Nazio Batuen Asanblada Orokorrean aurkeztuko duena.

Horrez gain, Munduko Landagunerako kide esanguratsu berriak lortu ditugu 2016an, Ozeano Bareko Irletako Nekazarien Elkartea (PIFON), Kaiku kooperatiba, UAGA, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa, Añanako Gatz Haranaren Fundazioa, Avialter eta Abelur, kasu. 2016-2020 arterako plan estrategiko berria ere onartu dugu.

Munduko Landaguneak (WRF) 2016an egindako lana hobeto ezagutzeko, gure 2016 urteko Memoria irakurtzera gonbidatzen zaituztegu.

 

Auxtin Ortiz

Munduko Landaguneko Zuzendaria